HAUTESKUNDE OROKORRAK 2016

Senatura eramango ditugu gure herriaren aldarriak

ZURIÑE RODRIGUEZ

Zuriñe Rodriguez gasteiztar peto-petoa da. Bere hiriaz eta jendeaz harro, ez luke ezergatik ere aldatuko. “Ez dut ezta pentsatu ere egin. Behar dudan guztia ematen dit Gasteizek”. Hemen jaio zen 1976an, eta bertan bizi izan da beti, Donostian karrera ikasten emandako urteak salbu. Deportivo Alaves eta Baskoniako bazkidea da, eta etxean jokatzen dutenean derrigorrezko hitzorduak dira. “Aitak sentimentu arabazalea transmititu zigun”. Taldeekiko grinak oraindik ere bizirik dirau.

GEHIAGO IRAKURRI

Zuriñe Rodriguez gasteiztar peto-petoa da. Bere hiriaz eta jendeaz harro, ez luke ezergatik ere aldatuko. “Ez dut ezta pentsatu ere egin. Behar dudan guztia ematen dit Gasteizek”. Hemen jaio zen 1976an, eta bertan bizi izan da beti, Donostian karrera ikasten emandako urteak salbu. Deportivo Alaves eta Baskoniako bazkidea da, eta etxean jokatzen dutenean derrigorrezko hitzorduak dira. “Aitak sentimentu arabazalea transmititu zigun”. Taldeekiko grinak oraindik ere bizirik dirau.

Zuriñe da hiru neba-arrebaren artean nagusiena. Etxean argi zeukaten bere seme-alabentzako ikasketak euskaraz nahi zituztela, baina ez ziren garai errazak. Arabar hiriburuko ikastetxe askori ez zitzaien ofizialtasuna onartu, harik eta 1980an Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Ministerioarekin Ikastolen Hitzarmena sinatu zuen arte. Orduan eman zen arautze orokorra. “Umandi Ikastolan hasi nintzen bi urte nituenean, 1978an”, oroitzen du. Ikastolak ez zeukan lizentziarik Oinarrizko Hezkuntza modu ofizialean emateko, eta Laudioko Ikastolarekin akordio batera iritsi behar izan ziren ikasleek eskolaratze-txartela izan zezaten. “Nire liburuak dio OHOko lehen hiru urteetan Laudio Ikastolako ikasle izan nintzela. Egoera konplikatua zen Araban, baina gurasoek hezkuntza euskaldunaren alde borrokatu zuten”. OHOamaituta, Batxillergoa eta Unibertsitatera Bideratzeko Ikastaroa Olabide Ikastolan amaitu zituen. EHU-UPVn Zuzenbidean lizentziaduna da Rodríguez, eta Atzerritartasuneko masterra du.

Bere lehen abokatu-bulegoa izan baino lehen, hainbat hezkuntza zentrorekin kolaboratu zuen, kalitate-egiaztagiriak lor zitzaten. Abokatuen Elkargotik pasa zen eta Praktika Juridikoko eskolatik. “Eskolako bigarren urtean irakasle batek aukera eskeini zidan, bere bulegoan hasteko. Gaur egun irakasle hori jubilatuta dago eta nik bufetearekin jarraitzen dut. Bulegoko kasuak eramateaz gain, ofizioz ere badihardut”. Borrokalaria dela dio, eta horregatik mugitzen dela ondo epaitegietan. “Bataila txikiak dira asebetetzen nautenak. Bezeroek eskuetan sententzia izan eta ez jakitea lana nola eskertu, hori da lansaririk onena: zure lana sentitzea”.

EAJ-PNVrekiko lotura adinez nagusi izan aurretik datorkio. “18 bete eta hile gutxira, Gasteiz Erdialdean afiliatu nintzen. Hor jarraitzen dut. Hainbat kargu izan ditut alderdiaren antolakuntzan eta azken bi udal hauteskundeetan Gorka Urtaranen zerrendetan egon nintzen”. Egun, Arabako ordezkaria da EAJ-PNVren Batzar Nazionalean.

Zuriñe irakurle porrokatua da. Liburuak irensten ditu, nahiz eta aitortu baduela kendu gabeko arantza bat: Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’. Ikastolan derrigorrez irakurri beharrekoa zela oroitzen du, “baina ezin izan nuen amaitu. Uste dut bizitzako momenturen batean irakurtzeari berriro ekingo diodala”. Eta liburuez gain, bidaiak. Ahal duen oro, maletak egin eta ospa egiten du. “Inoiz ez antolatutako bidaietan. Ez zaizkit gustatzen. Askatasuna nahiago dut”. Bere azken bidaia, udan, Italiako iparraldea.

Bere lagunen lagun, beti dauka eurentzako tarte bat. Zuriñek bere burua definitzerako orduan dio pertsona erreserbatua, diskretua eta bihotz handikoa dela. Familia bere erreferente nagusia da eta bere neba-arrebekin duen harremana oso berezia da. “Guztiok bat gara”, dio harro.

  • Pelikula: Forrest Gump
  • Liburu bat: La perla, John Steinbeck-ena
  • Telebistako serie bat: Sons of Anarchy
  • Kirolari bat: Ryan Lochte, igerilari estatubatuarra
  • Artista bat: Andy Warhol
  • Idazle bat: John Grisham
  • Aktore/aktoresa: Collin Firth
  • Pertsonaia historiko bat: Gandhi
  • Erreferente politikoa: Ez dut bakarra aipatu nahi, Alderdia une ezberdinetan ordezkatu duten pertsona guztien onarekin geratzen naiz
  • Gurari bat: Asko, beharrezkoa da lan egiteko bultzada emango dizuten amets txiki eta handiak izatea
  • Telefonoko aplikazioa: WhatsApp
  • Atsotitza: Ez naiz atsotitz zalea, beti aldatzen ditut eta ez dut bat ere esango
  • Eman dizuten aholkurik onena: Ezina, ekinean egina; nahi baduzu, ekin eta aurrera

Bideoak...